XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Merkatariek ba zuten eragospenik aski euren irabazbideari eutsi ahal izateko.

Izan ere harremanak gero eta urrutiagoko herriekin gertatzen dira, ez dute toki ezezagunetara jo beste erremediorik.

Bestalde, ez ahaztu, lapurrak beti prest ohi direla, itsasoko ibilerak arriskuz beterik daudela.

Gerora, joan etorriak gutxitu eta laburtzeko modua ere egiten dute, aurrerantzean ferietan, azoka berezietan saltzen dute gehienbat.

Hots handikoak dira hamabigarren gizaldiko feriak.

Garai hartako gizarteari berebiziko eragin eta dinamika ezartzen dio merkatalgoak.

Feudalismo garaiko ekonomiaren itxia desegiten du, diruak berriro bere balorea bereganatzen du, merkatalgo giroan diru egarri bizia sortzen da han eta hemen.

Horregatik merkatari gizatalde honek izango du ekonomian diru indarrik handiena.

Nobleek ez dute begi onez ikusten merkatarien jokabidea.

Elizak berak ere, gai honetan egiten diran gehiegikeriak aitzakitzat hartuaz, gogor jipoitzen ditu.

Merkatariak ez daduka lehengo gizartearekiko loturarik, beste gizakerakoa dela esan genezake, haruntz eta honuntz dabilena, askatasuna berekin dadukana, nehori menpetasuna gordetzen ez diona.

Jatorriz, gehienean, ez da noblea, herritar soila baizik.

Bere jardun, lan eta egintza guztiaren helburua: dirua, irabazia, aberastasuna.

Nekazariak, salerosketak ondo eta egoki antolatzeko, toki eta aterpe bereziaren beharra nabaitzen du.

Hiri barruan, ordea, ez dago erraztasunik horretarako eta inguruetara jotzen dute aterpe bila.

Herri inguruetan merkatariak bizi diren tokiari burgo deritza.

Burgesia deitura hemendik datorkie hain zuzen.